Bermeoko Udalak, Kankinkabara Txistu Taldearekin lankidetzan, Gregorio Solabarrieta musikari bermeotarrari eskainitako erakusketa bat aurkezten du.
Erakusketak
Bermeoko ondare kulturala eta identitatea balioan jartzea du helburu, baita
udalerriaren nortasuna indartzea ere, bere protagonista nabarmenen lana
erakutsiz. Kankinkabara Txistu Taldeak hainbat musikari bermeotarrek utzitako ondarea bildu eta nabarmentzen du,
eta oraingo honetan, jatorrian Miranda
de Ebron aurkeztutako erakusketa hau Bermeora ekarri du.
Erakusketa
urtarrilaren 23tik otsailaren 1era bitartean egongo da ikusgai Nestor
Basterretxea aretoan, 19:00etatik 21:00etara. Urtarrilaren 23an bertan, 19:00etan,
erakusketaren inaugurazio ekitaldia burutuko da Kankinkabara Txistu Taldearen
eskutik. Aurkezpen-ekitaldi labur bat izango da, erakusketaren xehetasunak
ezagutarazteko eta erakusketarekin lotutako bideo bat proiektatu da.
Gregorio Solabarrieta
Gregorio
Solabarrietak sei urte zituela ekin zion musika-ikasketei, Santa Eufemia
elizako koruan, Enrique Larrea organista eta maisuaren zuzendaritzapean.
Bederatzi urterekin hasi zen flautina jotzen; handik gutxira, klarineteari ekin
zion Bermeoko Udal Musika Bandan. 1913 eta 1916 bitartean Jose Antonio Erauzkin
bermeotarraren piano ikaslea izan zen. 16 urte besterik ez zituela Bilbora joan
zen bizitzera eta Bizkaiko Musika Akademian (gaur egun Juan Crisostomo Arriaga
Kontserbatorioa) sartu zen, Jesus Guridiren organo-ikasle zela. Ikasketak
amaitu ondoren, hogei urte besterik ez zituela, Arrasateko Udal Musika Bandako
zuzendari izendatu zuten.
1928an, Miranda de
Ebroko Udal Musika Bandaren zuzendaritza hartu zuen. Izan ere, hiri horretan
garatu zuen bere ibilbide musikalaren zatirik handiena eta arrasto kultural sakona
utzi zuen bertan. Bere gidaritzapean, Deportivo Mirandes futbol taldearen
biribilketa eta “A orillas del Ebro” jota bezalako lan ezagunak konposatu
zituen, hiriko kultura eta musika sustapenean lagunduz.
Bere lanik
ezagunena Kresaletan zarzuela da, Txomin Agirreren Kresala ohitura- eleberrian oinarrituta eta Augustin Zubikarai
idazle ondarrutarrak egokituta. Solabarrietak Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin
batera zuzendu zuen Ondarroako Alameda Antzokian, Bilboko Arriaga Antzokian eta
Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.
1965ean erretiroa
hartu zuenean, Miranda de Ebroko Orfeoiak eta Udal Musika Bandak omenaldi
hunkigarria egin zioten eta Udalak Hiriaren Zilarrezko Domina eman zion. Hil
ondoren, bere oroimenak bizirik dirau Miranda de Ebron: kale batek bere izena
darama eta Gregorio Solabarrieta Ganbera Orkestra Gazteak bere musika ondarea omentzen
jarraitzen du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario